ERRALDOIAK
Sakana aldean zeuden "kapusai" izeneko artzainetan oinarritutako erraldoia da. Pertsonai berezi hauek janzkera berezi batez baliatzen ziren lana egiteko; larruzko kapa (kapusai deiturikoa), txapela, adarra edo alboka eta makila. Elementu hauek erraldoian irudikatu nahi izan ditugu.
Pertsonai honi izena emateko, San Juan, herriko patroiaren omenez Johanot jarri diogu, Arbizun dokumentatuta dagoen izen zaharrenetariko bat baita. Izen hau "Juan handia" esan nahiko luke gaur egun.
DATUAK
Johanot Marialonbrerekin batera aurkeztua izan zen 2023ko San Juanetan Arbizun.
Pisua: 38,9 kg Altuera: 3,20 m
Erraldoi honek, Arbizuko jaki ezagunenaren omenez egina dago. Txistorrarekin batera, Txistor egunari erreferentzia egiten dio, herriarekin lotura handiagoa izan dezan. Emakumea kaxeroz dotore jantzita dago, gona eta zapiarekin,"Marialonbren zaldiyan" dantzan kinto neskek duten janzkerari ahalik eta antzekoena eginez.
Erraldoiaren benetako izena Mikaela Muguerza da (Marialonbre motea jarri zioten emakumea). Marialonbre izena edo motea nondik datorren hobeto ulertzeko webgunean bertan dugun istorioa irakurtzea gomendatzen dizuegu.
DATUAK
Marialonbre Johanotekin batera aurkeztua izan zen 2023ko San Juanetan Arbizun.
Pisua: 36,5 kg Altuera: 3,20 m